2013-05-14

MADIBER MAGOA



ANTOLATZAILEA:  ITURRI ZAHAR GURASO ELKARTEA

MADIBER:   MAGIA ETA DIBERTSIOA !

NOIZ:  Ostirala, Maiatzak 17               Ordua:  17:00etan

NON:  Alegiako Kultur etxean


GURASO ELKARTEAREN BILERA (2013-04-30):


Partaideak:  Mirari Beloki, Tere Vara, Agurtzane Arsuaga, Jesus Loidi, Mª Jose Izagirre, Iñaki Iturbe, Leire Tello, Larraitz Rodriguez, Nekane Mujika eta Feli Mujika.

A-  ESKOLA KONTSEILUAREN IRAUNKORRETIK SORTUTAKO GAIAK:

1.- LOMCEren INGURUKO INFORMAZIOA.
LOMCEri buruzko hiru sindikatuen azalpena izan zuten irakasleek. Sindikatuen ordezkariek IGEri informazioa emateko prestutasuna adierazi zuten, IGEko ordezkariek interesgarri ikusten badute.
Joan den astean, apirilaren 23an,  gurasoei zuzendutako LOMCEri buruzko hitzaldi informatiboa izan zen eta  IGEko ordezkari batzuk bertan izan ziren. 

2.- ILDO ESTRATEGIKOAK:
Eskolak, 2009ko maiatzean, hurrengo lau urtealdirako (2009-2013), lerro estrategikoak zehaztu zituen. Bi goizeko saioetan, irakasle, guraso eta zerbitzuetako ordezkariek hartu zuten parte. Lau urteko aldia bukatzear dagoenez, hurrengo lau urtealdirako ildoak adosteko prozesua martxan jarri beharko dugu ikasturtea amaitu baino lehen. IGEra pasatzen da, 2009-2013 lau urtealdirako Ildo estrategikoak dokumentua eta adosteko jarraitutako urratsak.
Ildo estrategikoen bilerak maiatzean egingo dira, goizez, eta egunak zehaztu gabe daude. IGEtik gutxienez bi guraso behar dira. Azkenean bilera horietara 3 guraso  joateko geratu dira. 

3.- IKASTURTE AMAIERAKO FESTA.
Ekainaren 15erako udal lokalen erabilerarako eskaera orria aurkeztu du Eskolak kultur etxean.
Egun horretan,  kantaldiaren ostean,  IGEk merienda eta jolasak eskeintzen ditu eskolako patioan:  haurrentzako ogitartekoa eta freskagarria  eta gurasoentzako sagardoa. Hurrengo bileran meriendarako erosi beharreko osagaiak eta kantitateak zehaztuko ditugu.
Iazko amaierako festan, goizez,  LH6. mailako ikasleei ekintza berezi bat eskeini zitzaien: partiduak beren gurasoekin eta bukaeran hamaiketakoa  (Patxik -  Josebak antolatu zuten ). Baina aurtengo  6. Mailako taldean  mutilak ez daude eskola kirolean sartuta eta beraientzako kirol jarduerak antolatzea kontraesanahi bat da, nahiz eta neska batzuk badabiltzen baina zerbait egiteko oso gutxi dira.  Horregatik kirol jarduerak ez dira egingo eta beste zerbait antolatzeko gelako ikasleen gurasoen inplikazioa beharko litzatekeela esaten da eta ez da ezer erabaki.
Bestalde,  merienda  eta gero, haurrentzako jokuak eta  tailerrak antolatu ohi dira.  Guraso batzuk proposatzen dute zerbait desberdin egitea, hau da, jarduera mota desberdinak. Gainera propaganda jaso dugu animazio etxe batzuretatik. Adibidez, puzgarriak, koltxonetak, joku kooperatiboak etabar… Guraso kide bat arduratu da etxe horietako batetara deitzeko eta informazioa pasako digu. Eguraldi txarrarekin tresna guzti horiek non jarri  lotuta utzi beharko litzateke. 

4.- IRTEERAK.
Eskolak IGEri pasa dio 3. Hiruhileko irteeren laburpen orria. Aktari eransten zaio.

5.- EBALUAZIO DIAGNOSTIKOA.
4. mailakoek e-diagnostiko proba hiruhileko honetan pasako dute.
ISEI-IVEIk prestatutako probak, bi goizetan osatuko dituzte, aurten lehen aldiz, ordenagailuz. Lehen goizean, Gaztelania (entzumena eta irakurmena), Matematika eta Mixtoa (Ikasten ikasi, ikasleen %50ak, Idazmena euskaraz, ikasleen %25ak, eta Idazmena gaztelaniaz, ikasleen %25ak) egingo dituzte. Bigarren goizean, Euskara (entzumena eta irakurmena), Zientzia-Gizarterako konpetentzia eta ikasleentzako galde-sorta egingo dute.
 
6.-MATRIKULA BERRIA.
2013-2014 ikasturterako, HH 2 urteko gelarako beste izen emate eskaera berri bat jaso dugu, hemezortzigarrena.
Eskolari galdetzeko geratu gara aurreko ikasturtean bezala, aurten,  hurrengo kurtsoari begira ez al dugun Delegaritzaren aurrean proposamenik edo eskaerarik egin behar.

7.- LIBURUAREN EGUNA.
Apirilaren 23an, asteartea, liburuaren eguna ospatu zen Eskolan. Horretarako, ikasleen gurasoei liburu/ipuina irakurtzera etortzeko gonbidapena zabaldu zitzaien. Hamabi bat gurasok parte hartu zuten.
Bestalde, atzerritik etorritako hainbat ikaslek ere ipuina irakurri zieten ikasle txikiagoei. 

B.- GURASO ELKARTETIK ATERATAKO GAIAK.


 1.-HAURRENTZAKO IKUSKIZUNA.
Urtero bezala, maiatzean haurrentzako magiako emankizuna eskeiniko dugu.  Lehenengo, Kultur etxekoekin zehaztuko da eguna eta ordua eta ondoren zein Magoa ekarri  erabakiko dugu. Guraso kide batek zerrenda bat lortu du.

2.- ALDABAKO FAMILIA BATI GARRAIOA KENDUKO DIOTE.
IGEko ordezkari batek Aldabako guraso baten deia jaso du. Eskolatik  deitu diotela esanez hurrengo ikasturteari begira, garraioa ez duela izango, Delegaritzatik esandakoa. Momentu honetan, Aldabatik, haur bat jeisten da, eta beste bat dago, DBHra jeisten dena.  Guraso honek IGEra jo du laguntza eske, borroka denon artean egin dezagun.
Gai honekin aurrera egiteko Delegaritzak emandako arrazoiak jakin behar ditugu,  eta   eskolari galdetzeko geratu gara. Eta erreklamaziorako epeak ote dauden.

3.  GURASOENTZAKO HITZALDIA (BALORAZIOA):
Martxoaren 21ean burutu zen gurasoentzako zuzendutako hitzaldia: “Beldurrak haurtzaroan”. Balorazioa positiboa izan da baina edukien aldetik eskasa, gehiago espero zuten hitzaldian parte hartutako gurasoek.  Beraz, Hizlari berrien proposamenak  aurkeztu beharko ditugu.
Guraso kide batek  aipatzen du Goierriko ikastetxe batean profesional batek gurasoei zuzendutako  hitzaldiak eman dituela arrakasta haundiarekin.  Ea hurrengo bilerarako bere izena lortzen duen.  

4.- ARARTEKO RESOLUZIOA WIFI-RI BURUZ:
Guraso kide batek, Ararteko ebazpena aipatu du eta wifi konexio sistemak sortzen duen kutsadura elektromagnetikoarengatik eta haurrengan sor ditzakeen kalteengatik kezka azaldu du.  

Arartekoaren 2013ko apirilaren 4ko ebazpena. Horren bidez, Hezkuntza Sailari gomendatzen zaio Eskola 2.0 hezkuntza programara sartzeko baldintzak berrikus ditzan eta programa hori garatzeko irrati-maiztasunen igorpen-mailak murrizteko aukera eskaintzen duten neurriak ezar ditzan.

Kutsadura elektromagnetikoaren kontrolak (neurketak) egin beharko liratekeela adierazi da (gai honi buruz eskolarekin hitz egiteko geratu gara).


5.- GURASO BATEN KONTSULTA, HAUTSITAKO BETAURREKOEI BURUZ.
Bost urteko ikasle bati betaurrekoak hirugarren aldiz hautsi zaizkio. Ama, eskolara jo du lehenengo eta orain Guraso Elkartearen laguntza eskatu du.
Hezkuntza Sailak ez dauka horrelako asegururik. Familiak erreklamazio bat aurkeztu du eskolako idatzi batekin batera eta Gasteizko Hezkuntzako arduradunek erantzungo diote.
Aipatu da Optika dendatan aseguruak egiten dituztela.
Guraso Elkarteak momentuz ez du esku hartuko gai honetan. 

6.- JANGELAKO KUOTETAN KENKETAK NOIZ APLIKATZEN DIREN:
Jangelako guraso kide arduraduna enteratu da jangelako arduradunari galdetuz zein kasutan aplikatzen dituzten kenketak jangelako kuotetan. Orokorrean hauek dira:
-         3 egun baino gehiago faltatu ezkero, aurrez abisatuta.
-         Eskolak antolatutako irteera guztietan.


 7- PATIOKO KOMUNAK ZAINDU BEHARRA.

Arratsaldeetan,  eskola ixten denean, 16:00etatik aurrera, patioko komunak irekitzen dira arratsaldeko partean bertan jolasten gelditzen diren haurrak erabili ahal izateko. Baina haurrek ez dituzte errespetatzen (jolastoki bezala hartzen dituzte eta ureztatu, lokaztu, trabatu... ) eta gurasoak ez dira arduratzen. Beraz, zer egin ?   Ohar bat bidaltzea etxeetara erabaki da. Lehendik ere arazo berdinaren aurrean oharra bidali zen etxeetara eta efektu ona egin zuen.

8.- HAURRENTZAKO IKASTAROAK (jarraipena):
- Martxan dauden bi ikastaroen Kuotak ez dira pasa oraindik.
-Txontxongiloaren ikastaroaren kuota: 30 € -tan zehaztu da.
-Beste familia bat dago bere 3 seme-alabak  txontxongilo ikastaroan izena emanda, beraz, familia honi ere 2  kuota kobratuko zaizkio, 3 ordez. Momentuz 2 familia daude  kenketa berezi honekin.
 
9.- ALEGIAKO FESTETAKO LAGUNTZA:
Guraso kide batek dierazten digu, Festa Batzordeak Guraso Elkarteari laguntza eskatzen diola festetako ekintza batzuk antolatzeko. Eskolako guraso guztien artean boluntarioak eskatzen dira. Eguna: Uztailak 15 (astelehena). Ekintzak: marrazkiak zintzilikatzea, altxorraren bila jokua, bazkaria zerbitzatzeko, tailerrak eta jolasak….  Hurrengo bileran zehaztuko da.

10.- 2012-2013 IKASTURTEKO PLANGINTZAREN MEMORIA.
2012-2013 Ikasturteko plangintzaren memoria maiatzak 15erako osatu eta eskolari pasatzeko geratu gara.

 

HURRENGO BILERA EGUNA : MAIATZAK 20, ASTELEHENA,  ARRATSALDEKO 18:00ETAN.